Gaur gure mintzalaguna da…

Jose Mari Garai, Alakrana ontziko sukaldaria.

Urrun daude, baina beti gertu sentitzen ditugu. Gure kideek hainbat hilabete ematen dituzte itsasoan Alakranak eskaintzen duen kalitatezko atuna ekartzeko. Beraiek gabe, ez litzateke posible izango. Zenbait hilabetetan zehar itsasoan bizi dira. Han une ugari daude mira izateko, barre egiteko, pentsatzeko… eta jateko. Azken horretaz (baita aurrekoaz ere) gure Jose Mari Garai arduratzen da, Alakrana ontziko sukaldaria. Ontzitik bertatik datozkigu bere erantzunak.

 

Zer dago gaur bazkaltzeko, Jose Mari?

Zera daukagu gaur: marmitakoa, menestra, arraina… Horrez gain, txerri-saiheski errea eta saihetsartekoa plantxan. Arratsean entsalada mistoa, oilasko errea eta urraburua plantxan. Postrerako, arroz-esnea.

 

Zenbat janari biltzen da tripulazioak jateko?

Hiru hilero (denbora-tarte horretan heltzen zaigu izoztua dagoena) hauxe kontsumitzen dugu: 250 kilo xerra, 150 kilo saihetsarteko, 250 kilo oilasko, 100 kilo bularki, 60 kilo mikela, 80 kilo bakailao, 900 kilo inguru arroz… Eskari orokorrak, sei hilabetero heltzen zaigunak, 20 eta 25 palet inguru izan ohi ditu.

 

Zeintzuk dira jateko ordutegiak itsasontzietan?

Arrantzak ordutegiak alda ditzake, baina gosaria egunsentian izan ohi da, 05:00 eta 06:00 artean. Bazkaria 11:30ean izaten da, eta afaria iluntzen duenean.

 

Zein da ohiko dieta?

Lehenengo platererako beti lekaleak, pasta, arroza… ipintzeko ohitura daukat. Ondoren, barazkiren bat sartzen dut, bi plateren artean aukeratzeko. Bigarren platererako bi haragi- edo arrain-mota daukagu aukeratzeko, nahiz eta atuna plantxan beti dago mahai gainean. Arratsean zopa, entsalada edo barazki-kremarekin hasten gara. Gero, haragia eta arraina. Azkenik, fruta edo etxeko postreren bat izan ohi dugu.

 

Zein menurekin dago jendea alaiago?

Norberak gauza bat esango dizu. Arroza kubatar erara edo pizza, adibidez, edonori gustatzen zaio. Gero, haragiak plantxan eta kalitatezko arraina (hemen ugari daukaguna) oso gustura jaten dira. Orokorrean, dena gustukoa dela esan daiteke.

 

 

 

Jantokia gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko baino gauza gehiagorako lekua da, ezta?

Hain zuzen. Jantokia izateaz gain, egunari buruz solasean aritzeko marinelak biltzen diren lekua da. Hizketan egiteko, barre egiteko eta partekatzeko. Nahiz eta familiekin harremanetan egon, itsasoan elkarrekin gaude.

 

Atunari buruz zer duzu esateko?

Zer esango dizuet, bada, atunari buruz. Oinarrizkoa. Zoragarria benetan. Arrantzatu berria edo ultraizoztua jan dezakegu. Niri, bereziki, azken hori gustatzen zait. Plantxan, gordin tataki edo sashimietan, marmitakoan…

 

Zeren falta sentitzen duzu gehien ontzian zaudenean?

Familia, ororen gainetik. Bestalde, lagunekin egotea edo mendira joatea, zale amorratua nahiz eta.

 

Zer da gehien gustatzen zaizuna zure lanean?

Aspaldi ostalaritzan jardun nuen. Estres handia. Hemen, ostera, lan handia egiten dugun arren, lasai nago: menua prestatzen duzu, zeure burua antolatzen duzu eta gauzak ondo ateratzen dira. Eta gero, noski, oporrak gustatzen zaizkit: zoragarria da lau hilabeteko oporrak izatea. Oso pozik nago. Koronabirusarekin dena zailagoa izaten ari da, portuan gaudenean ezin garelako ontzitik atera, baina pasatuko da. Gutxiago falta da…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude