Gaur gure mintzalaguna da…

Aritza Goyenechea Echevarria, Echebastarko Ultraizozte/Banaketa Instalazioko zuzendaria

Zertan datza ultraizoztea eta zer balio erantsi ematen du?

Ultraizoztea produktua ahalik eta modurik azkarrenean izoztea da, arrain freskoaren ezaugarri organoleptiko eta nutrizional guztiak mantentzeko.

Hartara, -60 ºC-ra egindako ultraizozte azkar baten ondoren, eta gutxi gorabehera tenperatura horretan mantenduz, bermatzen da produktuak, desizoztean, arrain fresko arrantzatu berri baten kolorea, usaina, zaporea eta nutrizio-propietate berdinak izango dituela.

Ez dugu ahaztu behar gure arrainaren ezaugarrietako bat freskotasuna dela. Arrain izoztua kalitate eskasagokoa dela pentsatu ohi bada ere, ultraizoztearen bidez arrainaren freskotasunari eutsiko zaiola bermatzen dugu, ultraizozteko unearen aurretik zegoen bezalaxe. Era egokian desizoztuta, produktuak ezaugarri organoleptiko guzti-guztiei eusten die.

Zer funtzio du Erletxeko (Galdakao) ultraizozte-instalazioak konpainiaren ekoizpen-prozesuan?

Erletxeko ultraizozte-instalazioa ECHEBASTARen balio-katearen azken begia izateko sortu zen. Arrantzatik ultraizoztera, garraio eta biltegiratzera eta azken kontsumitzaileari produktua saltzera. Gainera, instalazioak aukera ematen digu bertatik bertara izateko retailerrekiko, banatzaileekiko, Horeca kanalarekiko eta azken kontsumitzaileekiko feedbacka.

Gure flotak garraioaren barruan ultraizoztu dezake, -60 ºC-an; logistika Superfreezer edukiontzietan kontrolatuta dugu; prozesatze-instalazioa Vigon dago; eta Erletxeko instalazioa dugu eskarien azken prestakuntza egiteko. ERABATEKO TRAZABILITATEA bermatzen dugu, eta gure kate osoak kalitate estandarrik altuenen egiaztagiria du (IFS, MSC zaintza-katea, etab.).

Zein da instalazio horren historia?

Echebastarrek erabaki estrategiko bat hartu zuen: Alakrana eraikitzea. Ontzian bertan -60 ºC.an ultraizozteko gaitasuna gehitu zitzaion, eta horri esker, produktuak eta merkatuak dibertsifika daitezke. Alde batetik, izozte tradizionala, kontserbak egiteko, eta, bestetik, ultraizoztea, gizakiek zuzenean kontsumituko dituzten produktuak fabrikatzeko.

Beste mugarri garrantzitsu bat konpainiaren hurrengo ontziak eraikitzea izan zen. Horiek ere ultraizozteko teknologia dute, eta, hala, mota horretako produktuak ekoizteko gaitasuna handitu daiteke, baita kalitateari dagokionez estandarizatu ere, lantalde espezializatuak sortuta.

Azkenik, prozesatze- eta merkaturatze-instalazio batean inbertitzea erabaki zen, ontziek egindako ekoizpen-prozesuari segida emateko. Horrela, ontzietan landutako arrain-sorten kontrol zorrotza lortzen da, eta instalaziotik ontzietarako feedbacka etengabea da. Gainera, hortik azken kontsumitzaileengana iristen gara, zuzenean edo retailer edo banatzaileen bidez, eta produktuak duen onarpena eta gaur egungo merkatuan lortzen duen posizionamendua aztertzen dugu. Taldean egindako ahalegin horren emaitza Alakrana marka izan zen.

Ekoizpen-kate hori Echebastarreko bertako langileek kontrolatzen dute osorik. Era berean, partner estrategikoen lankidetzari esker produktu-gama guztiz zabala eskain dezakegu: hoztutako produktu desizoztuak, produktu ultraizoztuak, erdikontserbak (keztatuak, adibidez) eta hegalabur-kontserbak, latan, beiran zein pouchean.

Arrain ultraizoztuaren ekoizpenak etengabe egin du gora, eta etengabe sartu da merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan.

Zeintzuk dira egunero jardunean aurkitzen dituzuen oztoporik handienak?

Zailtasunik handiena arrainaren aldakortasuna da, ez baita uniformea tamainari, kalitateari eta abarri dagokienez. Kontserba-fabrika batean eduki nuen arduradun batek esan ohi zuen legez, “hau ez da torlojuak egitea”. Beraz, malgutasuna eduki behar da, ekoizpenean eta sail komertzialean, bezero-mota bakoitzari gure produktuaz espero duena eskaintzeko.

Hala ere, ontzietan eta Vigoko prozesatze-instalazioan egiten den ikuskapen-lanaren bitartez, modu egokian sailka dezakegu Erletxeko instalaziora iristen zaigun arraina.

Zer erronka dakar etorkizunak?

Malguak eta arinak izan behar dugu aldaketen aurrean, eta une oro bezeroek eskatzen digutena eman. Xede horrekin, negozio-ildo berriak eta produktu berriak garatzeko lanean ari gara. Betiere, etengabe hobetzeko ahaleginean, eta elikadura-segurtasuna eta jasangarritasuna ardatz.

Era berean, bezeroei gure prozesu eta produktuen kalitatea eta elikadura-segurtasuna bermatuko dieten kalitate-ziurtagirien aldeko apustua egiten dugu (IFS Food, esaterako), eta, jakina, MSC Zaintza Katearen bidez jarraitasuna ematen diogu enpresak MSC Ziurtagiria eskuratzeko egin zuen ahalegin handi eta aitzindariari.

Nola eragin dizuete COVIDaren garai nahasiek?

Lehenbizi, gure langileen segurtasunaren alde lan egitea egokitu zitzaigun. Ildo horretan, hori lortzeko denek egindako ahalegina nabarmendu nahi dut. Lehorrean zeudenen langileen telelana ere eraginkorra izan zen.

Kontuan izan beharra dago pandemiak larri eragin ziola ostalaritzari, eta hori dela gure negozioaren zutabe garrantzitsuetako bat. Baina hori, hein batean, retailer-kopuruaren igoerari esker berdindu zen. Aldi hartan azpimarratzekoa izan zen, halaber, online-salmentaren igoera.

Gure produktuak modu seguru eta azkarrean online eskaini ahal izateak erosketa-mota horretara ohitu diren kontsumitzaile askoren fideltasuna ekarri zigun. Gaur egun, “Alakrana Tunalover” handiak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude